Amets_Haizea Arana



Jasone Osororen Tentazioak ipuinean oinarritutako Amets ipuina. Haizea Aranak idatzia eta Haizea Aranak irakurria.


AMETS
Narrazio irakurria

Gaur jaio naiz, edo jaiotzera derrigortu naute, ez dakit, baina gaur izan da. Momentu honetan berez, ez naiz inor, zerbait naiz, hemen nago, ospitaleko sehaska xume honetan urdin eta zuri koloreko mihiseen babesean. Hainbat bisitari etorri dira jadanik orain arte aitak amak eta hirurok elkarbanatu dugun logela garbi, txukun eta txiki honetara.

Etorri diren lehenengoak, nire aitona eta amona izango direnak izan dira. Amonak sartu eta esan duen aurreneko gauza zera izan da: “!ay! mira que nieto mas guapo tengo” eta ondoren aitonak irribarre egin du amandreari arrazoia emanez edo. Egia esan, sinetsiko nieke sartu eta begirada kuman jarri izan balute, baina ez da horrela izan. Amatxiren iruzkinari jarraipena emateko asmoarekin edo, hala esan du aitak amaren ohatze ondoan zutik dagoela: “Sí, tienes un sobrino muy guapo” (s-ak oso markatuta, badaezpada) akatsa egin duela ohartu baino lehen, amaren ukondokada jaso du, eta amak zuzendu irribarrez: “Sí ama, nieto, o nieta todavía no lo sabemos.” Bi bisitariek irribarre egin dute, eta gelan ordu erdi batez nire guraso direnekin hizketan jardun eta gero, jubilatuen etxera joan dira kartetan ibiltzera, eta noski, beraien lagunei niri atera dizkidaten argazki denak erakustera.

Lehenago azaldu dudan bezala, berez, ez naiz inor, eta nire aita-amek hala nahi ez badute ere, beraiek nahi dutena izango naiz. Hasteko, beraiek erabaki dutelako nire identitatearen zati garrantzitsua izango den nire izena: Amets. Beraien ustetan izen neutroa. Deseinu onenarekin jarri didaten izena bada ere, gaur egun Euskaltzaindiak zakildunontzat, hau da, mutilentzat, dauka onartuta Amets, aludunentzat, neskentzat, Ametsa. Beraz, gaizki hasi dira, ez didate beraien ametsetako izenik jarri, baina, hala ere, jada hartu dute erabaki bat nigan eragin handia izango duena, eta gainera, ni jaio baino lehenago hautatu zuten, noski. Nire aita-amek aitatxi-amatxiekin izan duten solasaldian, ulertu dut, era neutro batean hezi nahi nautela nire gurasoek, ondoren, nik hautetsi dezadan, neska, mutila, bat ere ez edo momentu batzuetan bat eta beste batzuetan beste bat izan nahi dudan.

Beraz, literalki, hemen eta orain, zera naiz, zakildun subjektu bat, hiru kilo eta zazpiehun gramoko pisua duena, odola O positiboa, eta izenez, Amets. Gaur jaio naiz, familia nahiko tradizional batera gainera, aita bat eta ama bat ditut, bi aiton-amona eta osaba izebak guztira zazpi. Amaren familia erdalduna da, ama euskalduna guztiz, ikastolako umea, baina maketoen alaba izango da beti. Aitaren familia, berriz, guztiz euskalduna, aita baserriko semea da, eta arazoak dauzka oraindik gaztelerarekin.

Banaketa hori alde batera utzita, nire familia tradizionala da. Beraz, konturatu gabe ere, ni era tradizional batean heziko naute, 2 urte betetzen ditudanean, haur eskolara eramango naute eta nagusitzen noan heinean, ikastolan hasten naizenean, beraien babespetik urrunduko naiz. Haur eskolan nabilen bitartean, beraien proiektuak ongi funtziona lezake, adin horrekin izan ninteke neska, mutila, biak edo bat ere ez, baina ondoren ikastolan, arazoak izango ditut. Ez dut jakingo zein bainugelatara sartu beharko dudan, jende guztiari azalpenak eman beharko dizkiot nire genero identitateari buruz, eta nekatuta, edo lotsaz, mutila naizela onartuko dugu, bai nik, eta baita nire gurasoek ere.

Hala ere, hori ez da izango inguruan izango dudan arazo bakarra. Hasteko, arazoak izango ditut nire izenarekin. Amaren familian inork ez baitaki ts ongi ahoskatzen beraz nire izenak Amez, Ames eta Amech izango dira, nahiz eta aiton-amonei hamaika aldiz azaldu Amets nola ahoskatu. Beraien artean nire izenari buruz mintzatuko dira, eta batak besteari esango dio “Que nombre más bonito tiene, como era, ¿Amez?” eta besteak erantzun “Bonito si, !pero también difícil!” Laburbilduz, amamak ez duela nire izena ondo ahoskatuko sekula eta gainera, inoiz ez du ulertuko nire izenak, logura edo ametsa esan nahi duen. Hala ere, pozik egongo dira nirekin, izan ere, gurasoak lanean daudenean, beraien etxean egingo dut lo, eta txokolatea emango didate ezkutuan, nerabezaroan garauak ateratzen hasten zaizkidan arte.

Nerabetasunean, parrandan ateratzen hasiko naiz, hasieran gaueko hamabiak arte, eta nagusitzen noan heinean, etxera itzultzeko ordua ere nirekin batera haziko da, hau ere oso tradizionala. Nagusitxoagoa naizenean, harreman ezberdinak egiten hasiko naiz, eta sexua deskubrituko dut. Etxean betiko hizketaldi tradizionalak izango ditut, neska batekin oheratzen naizenean zer egin behar dudan, preserbatiboa erabili behar dudala,... Beraiek ez naute sexu harremanak izaten imajinatu nahi, ez dute irudikatzen haurtxo txiki hau larrua jotzen, baina nik ere amaituko dut taberna bateko komun zuloan ezezagun batekin txortan egiten. Bai, beraiek 17 eta 18 urte zituztenean egin zuten bezalaxe. Nork esango lieke gaztetxo horiei 15 urte geroago batera egongo liratekeenik eta ni bezalako haur txiki bat izango luketenik. Inork ere ez. Baina, horrelako txorta aldi klandestinoetan uste dutena baino gauza gehiago elkarbanatzen dira. Ez dira kontziente, baina beraiek badakite, nik baino hobeto, aitak amari trago bat eskaini izan ez balio, ez ginatekeela hemen egongo ez beraiek, eta ezta ni ere.

Nire etorkizun ez hain hurbil hori alde batera utzita, argi dago egunez egun nire izaera eraikitzen hasiko naizela, zer izatetik nor izatera pasatuko naizela. Izena duena bada berez, eta nik badut izena, banaiz norbait, banaiz zerbait baina oraindik eraiki gabe dagoena, sortu gabe dagoena guztiz. Une honetan, buztin zati bat naiz, nire amak erditu duen buztin zati bat. Beraien esku dago orain nire izana, eta nagusitzen naizenean, nik erabakiko dut horrela egosi nahi dudan, hau da, nire gurasoek sortu dutena izan nahi dudan, edo buztin zati bat izaten jarraitu gura dudan: ezagutzen dudan jendearen zatiak hartuz eta jendeari nire zatiak emanez, jendeari nire izaera moldeatzeko eskubidea eman, edo harri bilakatu eta nire izaera edo nire ohiturekin jarraitu. Baina hemendik aurrera, nire gurasoen ustezko ideia moderno baina funtsen tradizionalekin egin beharko dut aurrera, eta benetan bizitzea egokitzen zaidan hori bizi beharko dut, halabeharrez, jaiotzen den oro, jaiotzen den unean inor ez bada ere, bizi duen guztiak egiten baitu nor.

Bizitzak ekarri gaitu hirurok puntu honetara, eta akatsak guztiz zilegi dira. Ni ere moderno sentituko naiz guraso naizen egunean, nik ere egingo ditut akatsak nire seme alabak hezterakoan, izango baditut noski. Hala ere, nire gurasoen ahalegina eta motibazioa eskertzekoak dira, momentuz, guraso papera ongi bete baitute, amak bularra eman dit, aitak beso artean eduki nau goxo goxo, buruarekin kontuz kontuz ibili dira, oraindik osatu gabe omen daukadalako. Eta jarri dituzte beraien sare sozialeko profiletan nire argazkiak. Hala ere, lehenengo eguna baino ez da izan.

Comentarios

  1. Amets izeneko ipuina, Jasone Osororen Tentazioak ipuinean dago oinarrituta eta Haizea Arana da lan bikain zein landu honen egilea.

    Bertan, jaio berri den Ametsen bizitzako lehen uneak kontatzen dira, ospitalean dago eta aiton-amonak bisitan etorri dira. Lehenengo pertsonan idatzita egoteak, protagonistarekiko gertutasuna sentiarazten digu, kasu honetan, Ametsen kezka, hausnarketa edota kritikak barneratuz. Bere baitan garatzen dituen gai desberdinekiko hausnerketak, maisutasunez transmititzen ditu Aranak, haurrak bere bizitzan zehar bizi behar izango dituen momentu desberdinak azalduz. Honela, pertsona orok izaten duen garapeneko etapa bakoitzean lantzen dituen barne ezintasunetara hurbiltzen gaitu, hausnarketara bidea irekiz.

    Idazlan ulergarria izateaz gain, adjetibotasunari erreferentzia eginez oso aberatsa da, une batzuetan beharrezkoa da hiztegia aurrean izatea, maisutasunez idazten duela nabari baita. Hori gutxi balitz, ideiak ondo lotuta daudenez, jariakortasun handiko ipuina da. Entretenigarria da gainera, irakurlea guztiz harrapatuz.

    Hori guztia dela eta, zati baten egiazko fikzioa dela ikus genezake, sinesgarritasun handiko kontakizuna hain zuzen ere, izan ere, idazleak sorturiko fikzio horretan, bizitzan zehar pasa izan ditugun ohiko gaiak jorratzera eramaten gaitu, besteak beste; laguntasuna, estereotipoak, sexua, gurasoekin harremana...

    Ondorioz, inoiz baino gusturago irakurri dudan lana izan da hau, pentsaraztea egin dit, haurrak hezten ditugun eredu inperfektuari kritika sakona zein garatua eginez. Beraz, edonori gomendatuko nioke lan hau irakurtzea, estilo fin, xamur eta era berean dotorean idatzita baitago.

    ResponderEliminar
  2. Haizea Aranak idatzitako “Amets” ipuina irakurri dut, Jasone Osoren “Tentazioak” liburuan oinarritua. Egia esan, ez nuen espero horrelako narraziorik topatzea. Gutariko askok seguraski gure egunerokotasunarekin bat ez datorren gai bati buruz idatzi izan dugula gure narrazioetan baina Haizearenean hori ez da kasua, izan ere, gure gizartean estereotipoekin dagoen arazoetan oinarritu da berea garatzeko. Hori dela eta, oso originaltzat hartzen dut.

    Beste ezaugarri bat aipatzearren, idatzitako estiloa da. Narrazioa hain zehaztasun handiz idatzita dago non haur jaioberri batek izan ditzakeen pentsamenduak azaltzen baititu. Are gehiago, istorioa haur baten ahotan entzuteak asko harritu nau.

    Edonork irakurri dezaken eleberria da, eta irakurketa aberasgarriagoa egiten da erabilitako lexiko aberatsagatik. Azkenik, 1. pertsonaren erabilera intimoagoa egiten du irakurketa, irakurlea eleberrian sartzera gonbidatuz.

    ResponderEliminar

Publicar un comentario

Entradas populares de este blog

Mikel Ezeiza Ander gitarrista berria

IRAUPENAREN ZERGATIA(Jokin Murillo)

PORTUKO MUTILA ("IZEN HAUSKORRAK"-EN JARRAIPENA) - MIKEL GALVEZ