BI ASTE BESTERIK EZ_ Alazne



IRAKURKETA: https://drive.google.com/open?id=1L62WbWe5Jo5AlJHNFXXjzBab2a9hDrms


Iban Zalduak idatzi zuen “Izen hauskorrak” liburuan oinarritu naiz eta Martinaren ikuspuntutik idatzi dut istorioa.


Bi aste besterik ez


Udako oporrak hartzeko aste bat geratzen da, aste bat besterik ez. Egia esan, oso astuna egin zait ikasturte hau, inoiz baino lan gehiago egin behar izan baitut ikasgai guztietan nahi nuen nota lortzeko. Ikaskide guztiek nire buruarekin oso zorrotza naizela esaten didate, gehiegi ahalegintzen naizela, lasai egoteko, baina ezin dut. Ni horrelakoa naiz, perfekzionista, eta jakin badakit, ez dela oso positiboa, izan ere, batzuetan nire buruarekin asko haserretzen naiz eta oso frustragarria da.



Irrikatzen nago familiarekin uztailean Mutrikura joateko. Dagoeneko, nazkatu egin naiz hemengo jendeaz eta hiriak duen iskanbilaz. Madrilen ez dago lasai bizi daitekeen inor, toki guztietan semaforoak, kotxeak eta jende pila baitago. Urtero, uztaileko hilabete guztia igarotzen dugu ama, aita, anaia eta laurok bertan alokatzen dugun etxe polit batean. Aitona ere etortzen zen gurekin, baina orain dela hilabete pare bat izan zuen pneumonia bat dela eta, zendu zen. Oso gaizki igaro nuen, egoerak gainditu egin ninduen eta bi astez nahiko goibel egon nintzen. Oso maite nuen aitona, gure harremana oso berezia zen eta elkarri gauza guztiak kontatzen genizkion.


Udako etxea, portuan dago, ez da zeharo handia, baina bertan aste batzuk igarotzeko oso aproposa. Egunero esnatzen naizenean, ia horma guztia hartzen duen leihatetik, itsasora begira gosaltzen dut egongelan. Asko gustatzen zait hori egitea, ikaragarrizko lasaitasuna ematen dit. Jadanik, hamar udaldi etxe honetan, milaka bizipen. Gurasoei eta anaiari ere asko gustatzen zaie oporrak hemen igarotzea, hiriko zaratatik deskonektatzen baitute haiek ere. Mutrikun, nik ez ezik, anaiak eta gurasoak ere lagun taldea daukate. Batzuk, bertakoak dira, eta beste batzuk, gure antzera, bertara oporrak igarotzera joaten dira soilik. Hilabete osoan zehar plan ugari egiten ditugu lagunekin, eta gainera, herriko jaiak ospatzen dira uztailean, beraz, ez dago aspertzeko denborarik. Herri polit horretan igarotzen ditudan momentu guztiak dira apartekoak, baina aurreko urteko momentu bat ezin dut burutik kendu.


Markos, nire lagun taldean dagoen mutil bat da. Mutrikun bizi da eta ni baino urte zaharragoa da. Begi urdin argiak ditu, zeruak egun eguzkitsu batean duen kolore hura. Bere begirada sakonak eta ahots baxuak urduri jartzen naute.



Nire udako azken gaua zen eta etxera bidean gindoazen guztiok, gominola poltsa bat eskuartean genuela. Markos eta biok elkarrengandik oso hurbil bizi gara, hondartzaren eskuinaldean, besteak, aldiz, hondartzaren ezkerraldean aldean bizi dira, beraz, biok bakarrik egoteko beta labur bat besterik ez dugu izaten. Nire atarira heltzear geunden barre algara artean, bide motza zen arren, normalean hamar minutu besterik ez genuen behar izaten, gau hartan inoiz baino luzeagoa iruditu bazitzaidan ere.


Eta heldu ginen! Nire etxeko atarian bata bestearen ondoan geunden, geldi, isilik, itsasoko olatuen soinua besterik ez genuen entzuten. Elkarri begietara so egin genion, baina ezin izan genuen bost segundo baino luzeagoz horrela egon. Biok begirada kendu genuen.
Nahiko urduri nengoen, nire udako azken gaua zen, berarekin igaroko nuen azken momentua, eta ahaztezina izatea nahi nuen. Duela pare bat uda, erakartzen hasi zitzaidan; bere izaera, egunero aurpegian zuen irribarrea, bere usaina, begiak, nirekin hitz egiterakoan zeukan goxotasuna…


Poliki-poliki nire aurpegia beregandik gero eta hurbilago zegoen. Muxu eman nion, uda guztian zehar amestu nuen muxu polit eta goxo hura. Bere erantzunaren zain nengoen, momentu polit horren ondoren, zerbait esango zidala uste nuen, edo agian, beste musu batekin erantzungo zidala. Baina ez, ez zidan ezer ez esan, isilik geratu zen, geldi, lurrera begira. Lotsagorritu eta korrikan atarira sartu nintzen. Malkoak jausi zitzaizkidan nire masailetik behera, benetako malkoak ziren.


Egun hartatik aurrera nire buruari behin eta berriz ea muxu eman behar niokeen galdetzen diot. Agian, berak ez du nik beragatik sentitzen dudana sentitzen, lagun bat besterik ez naiz beretzako. Ez dakit zer gertatuko den aurtengo udan, ez dakit nola erreakzionatuko dudan bera ikusterakoan. Seguruenik, lotsa emango dit berari hitz egitea, egun hartatik ez baitugu hitz egin. Urtero izan dugun harremana izaten jarraituko dugu, ala guztiz desberdina izango da? Zer gertatuko den jakin nahi dut.
Bi aste besterik ez dira geratzen Lekeitiora joan eta zer gertatuko den ikusteko.
















Comentarios

  1. Ipuinaren iruzkina:

    Irakurri berri dudan eta asko gustatu zaidan ipuina, Alazne Abad idazlearen, “Bi aste besterik ez” izenekoa da. Gaur egungo gazte askori gertatu zaigun egoera batekin zerikusia eduki ez ezik, irakurterraza ere iruditu zaidalako.

    Nabarmendu behar dudan lehen aspektua gaia da, gazte askok udan bizi izan dugun egoera bati buruz hitz egiten duenez interesa pizten duelako, irakurle gazteak identifikatuta sentiarazten dituelarik. Ipuin honetan Martina izeneko neska gazte baten istorioa kontatzen da: Neska udan Mutrikura , non aurreko udan mutil bat besarkatu zuen, joaten da familiarekin. Orain, ez daki zer gertatuko den lagun horrekin.

    Martinaren istorioa lehenengo pertsonan kontatua egoteak hurbiltasuna adierazten dio irakurleari. Idazleak erabiltzen duen narratzaile mota honek protagonistaren egoeran jartzen zaitu, berak pentsatzen duena sentiaraziz, eta modu horretan protagonistarekin enpatia sortuz irakurlearengan.

    Idazlearen estiloak ere izugarri harritu nau. Nahiz eta Alaznek lexiko aberats asko erabili, hizkuntzari erreparatuz, irakurtzeko erreza den liburua egin duelako.

    Aipatutako berezitasunak izateaz gain, liburua nahiko motza da, eta ez du bukaera oso garatua, baina, hala ere azkar zein gustura irakurtzen den liburua da.

    Ondorioz, esan beharra dago irakurri behar den ipuina dela, bai egilearen lanagatik, baita dituen ezaugarriengatik ere.


    Jokin Murillo

    ResponderEliminar

Publicar un comentario

Entradas populares de este blog

Mikel Ezeiza Ander gitarrista berria

IRAUPENAREN ZERGATIA(Jokin Murillo)

PORTUKO MUTILA ("IZEN HAUSKORRAK"-EN JARRAIPENA) - MIKEL GALVEZ