Ezer --- Eneko Mateos
Ezer
(Iban Zalduaren Dena ipuinean oinarrituta)
1990eko irailaren 9a: Gertakizuna.
- Tita! Tita!
Gure ezkerreko automobilak eztanda egin zuen, eta ondoren isiltasuna etorri zen. Isiltasun hotza. Sirenak joka zebiltzan, gertuko pertsonak korrika eta kalearen beste aldean zeudenak oihuka, baina isiltasuna besterik ez nuen entzuten. Izozturik nengoen, lurrean birraitonaren ondoan, bere arimak ihes egiten zuen bitartean. Gerturatu zitzaidan suhiltzaileak galderak besterik ez zizkidan egiten, baina ezin nuen entzun. Momentu horretan, guztia galdu nuen, guzti hura zer zen jakin gabe.
Duela hamar urte gertatu zitzaidan hori, nire urtemugan, eta gaur 10 urte betetzen dira zorigaiztoko egun horretatik. Ordutik, amonaren etxean bizi naiz, gurasoak aspaldi hilik daudelako, baina noski, badakizu hau, hau idazten dudan bosgarren aldia da eta. Amonak tarta bat egin dit, nire gustukoena, baina ez zuen betiko zapore gozoa, garratza baizik. Biok dastatu dugu jakia, baina isilean, izan ere, biok ginen kontziente gaur zein egun zen.
Ondoren ikastolara joan naiz, eta korridoreetan nindoala, Jon ikusi dut, irribarrea ahoan zuela, ile kizkurra orrazten zebilela. betidanik izan dut mutil hura gustuko, baina ni hain isila izanik, inoiz ez nuke bere arreta hartuko. Ondoren, Amaiak, nire lagunik onena, komunera laguntzeko eskatu dit. Inoiz ez dut hori ulertu: zergatik joaten al dira neska guztiak komunera binaka? Inoiz ez zait hori gustatu.
Amaiari itxaron bitartean, komuneko horma-irudi berriei erreparatu diet, beti harritzen bainaute. Hala ere, gaur egun hura gogorarazi didate, izan ere, “Bietan jarrai” idatzita zegoen, ETAren sugearen ondoan. Amaiari joan egin behar nintzela esan diot eta ospa egin dut leku sorgindu hartatik.
Gaurko klaseak errazak izan dira, bizikidetzako orduan, ordea, ezohiko zerbait gertatu da: ETAren inguruan hitz egin dugu. Nire esperientzia oso baliagarria zelakoan zegoen irakaslea, baina gogoratzen nuen apurra kontatu ondoren, ez naiz bat ere gustura sentitu. Zauria berriz ireki zait, eta oraingoan ezin dut josi. Ni eseri bezain laster, Haritzek eskua altxatu du, eta bere ahots sakonaz esateko zerbait zeukala aitortu digu.
- Nire aitona ETAkoa zen.
Zorabiatzeko zorian sentitu naiz hori esan duenean, eta nire HP ordenagailu eramangarria piztu ondoren, nire birraitona erail zuten atentatua bilatu dut, eta nire susmoak bete dira: Wikipediak zioen bezala, Inaxio Elgorriagak jarri zuen Renault 9 autoan etxean sortutako bonba, eta bere biloba, nola ez, Haritz Elgorriaga da, nire ikasgelakoa. Wikipedian dena dago.
Odola bor-borka jarri zait, eta zerbait egin behar dudala pentsatu dut, gizon horrek kendu zidana mendekatzeko. Egun osoan gogoetatu ondoren, argi daukat zer egin: etzi Haritzek urtebetetze festa ospatuko du, aitonaren etxean. Bihar bertan, albaitariari zianuro potasikoa eskatuko diot, katuarentzat behar dudala eta, baina Inaxio zakurrari jarriko diot tartan. Akabo parasito hau.
Ane.
1990eko irailaren 11: Eguna.
Iritsi da eguna. Azkenean egin dut egin behar nuena eta momentuan sentitu dudana ez dut inoiz sentitu. Baina horri buruz hitz egin aurretik, eguna azaltzeko grina dut.
Ez da eskola egun ona izan: nire arreta arratseko ekintzentzat besterik ez zen. Alabaina, klasera sartzerakoan, begi guztiak niri begira nituela sentitu dut, erdi aroko zaldunen ezpata zorrotzak balira bezala. Batek ukitu dit gehien: Haritzenak. Bere begiradak arima urratu dit, niregan nuen erruki apurra piztuz; hala ere, azkar batean josi dut zuloa eta betebeharra jarri dut jomugan.
Azken orduan, amamaren sinadura imitagarria baliatuz, lehenago irten naiz klasetik, medikuarengana joan behar nuela argudiatuz. Etxerako bidean ez naiz beti bezala ondoko tabernan gelditu, bertako porru usainak gonbidatzen ninduen arren. Formula kimikoa agerian zuen potetxoa hartu dut, eta ordua izan arte gitarraren soinua ahotsarekin osatu dut, nire kantu gogokoenak kantatuz.
Azkenean nire helburura iritsi naizenean, Inaxiok agurtu nau. Lasai asko erantzun diot, gorputza gogortu zaidan arren. Guztiak heltzean, kartekin jolasten hasi gara, “txintxon” jokora, nolanahi ere, pare bat minuturen buruan, ordua zela erabaki dut.
Orain, zer gertatu den azalduko nizuke, baina egia esateko, ezin dut zehaztasunarekin azaldu, oso azkar gertatu baita guztia. Besteek bihotzekoa izan dela uste dute, beraz, momentuz salbu nago, baina ez naiz seguru sentitzen.
Zer sentitzen dudan orain ere ez nago oso ziur. Adrenalinaren kemena igaro ondoren hutsune bat dut barnean, bete ezin dudana. Alde batetik lortu dut mendekua, baina bestetik ez nago ongi. Birraitonari bezala, arimak ihes egin didala sentitzen dut. Bizirik nago, baina aldi berean hilik. Haritzen aurpegia ez zait burutik kentzen. Zerbait egin beharra daukat, horrela ezin dut jarraitu eta.
Ane.
1990eko irailaren 15: Azken sarrera.
Egun batzuk pasatu dira jadanik. Gogo gabe nago, eta ez dut ezer egin nahi. Ez naiz klasera joan hura gertatu zenetik. Gaixo sentitzen naiz, baina ez dut minik. Ezin dut horrela jarraitu, izan ere, egin nuena ez dago ongi.
Hau izango da idazten dizudan azken aldia, zianuro kapsula uretan disolbatzen ari den bitartean. Norbaitek irakurtzen bazaitu, sentitzen dudala esan nahiko nioke, ez zela nire nahia hainbesteko mina sortzea. Galtzeko ez nuen ezer, eta, hala ere, guztia galdu dut.
Agur.
Ane.
Eneko Mateos
Comentarios
Publicar un comentario