GAU BELTZA Amaia Irure Aiastui
GAU BELTZA
Narrazioa irakurria Amaia Irure
Ipuin hau idazteko Dance ipuinean oinarritu naiz. Dancek nesken koadrilako pertsona baten ikuspuntutik azaltzen zuen oporretan bizitako gaua eta nik 3.pertsonako narratzaile bat erabilita koadrilako gainontzeko nesken gaua kontatu dut.
Uztaileko azken astean, 10 neska gaztez osatutako koadrila Lisboara joan zen oporretan, hiriaren kanpoaldean dagoen ostatuan bi gau igarotzeko asmoz.
Ostatura iristeko aldapa luze bat igaro ondoren, bertako ugazabarekin izapideak egin eta adiskideak hiru logelatan banatu ziren. Logelak orokorrean ez ziren oso handiak: hiru edo lau ohe, bi koadro, pare bat altzari, leiho txiki bat eta komuna.
Behin maletatik norberak bere arropak eta bestelakoak atera eta logelako altzarietan kokatu ondoren, neska koadrila harrera-lekuan bildu eta Lisboatik buelta bat ematea erabaki zuen. Ibilaldi txiki bat egin zuten, Tajo ibaiaren bazterretan zehar, elkarrekin gozatuz. Familia txiki bat osatzen zuten, urtez urte trinkotua eta harilkatua.
Afalordua iristean, lehenengo gaua ondo hasteko, Principe Real kalean kokatutako Tascardoso tabernan afaltzea erabaki zuten. Menua sinplea izan arren, janaria ona zen eta prezioz merkea, neskek ordaindu ahal izateko modukoa, alegia. Afaria irriz karkailaka igaro eta gero, giro handiko dantzaleku baten bila hasi ziren.
Oporraldirako maleta txikia kontuan izanda, festa giroan ibiltzeko moduko jantzi bakarra eraman zuen bakoitzak. Gehiengoak soinekoa janztea hautatu zuen; batzuek koloretsua eta beste batzuek lisoa. Lauk ,ordea, alkandora dotorea eta jeansak. Apainketari lotuta, begiak nabarmentzeko errimel pixka eta ezpainak margotuta.
Dantzaleku egoki baten bila ibili ondoren, taberna gay batean amaitu zuten eta konturatzerako ordu biak ziren. Orduan, Letik duela urte batzuk ezagututako taberna batera joatea proposatu zuen, bi solairuko etxebizitza zena. Gela nagusiko horma batean orein baten burua ageri zen, non dantza aretoa aurkitzen zen; kantoi batean dj bat zegoen 70. hamarkadako zein 2000.urtetik aurrerako musika jartzen.
Handik gutxira, 8 neskek ostatura itzultzea erabaki zuten. Horietatik lau oinez abiatu ziren ostaturantz. Paseo txiki bat eman nahi zuten, ohera sartu aurretik. Ostatura joateko bidea ,ordea, ez zen haiek espero bezalakoa izan. Kaleak ilunak eta meharrak ziren. Etxera iristeko bi kale geratzen zirenean, itxura desatsegina zuten bi mutilekin egin zuten topo. Mutiletako batek poltsikotik hauts zuria zuen poltsa txiki bat atera eta Olatzi eskuan jarriz 15 euroren truke haientzat izango zela esan zuen. Neskek harriduraz eta beldurrez ezetz esan zuten, beraiek ez zutela horrelakorik nahi. Momentu horretan, polizia azaldu eta guztiak atxilotu zituzten. Neskak gertatutakoarekin zer ikusirik ez zutela azaltzen saiatu ziren, baina poliziek azalpenak polizia-etxean eman beharko zituztela adierazi zuten.
Bitartean, kotxez itzultzeko ziren lau lagunak algaraka ari ziren ostaturako bidean. Irratia topera zegoen eta mugikorrarekin argazkiak ateratzen ari ziren, segidan horien inguruan barre egiteko. Argazki bat flash-arekin ateratzea erabaki zuten, aurpegiak hobeto ikusi ahal izateko gauaren barrenean. Flashak Ainhoa, gidatzen zihoan neska, itsutu eta kotxeak gorputz baten aurka jo zuen. Gorputza mutil gazte batena zen. Neskek oso urduri mutila kotxera igo eta ospitalera eraman zuten. Bertan, protagonistek gertatutakoa azaldu eta gero, erizainek nahiz eta kolpea oso larria ez izan, haien betebeharra poliziari deitzea zela adierazi zuten. Minutu batzuen buruan, laukotea polizia-etxean zegoen pasadizoa kontatzen.
Handik ez oso urrun, Irenek eta Anek bi pisutako tabernan jarraitzen zuten, jo eta ke dantzan. Irenek mutil bat ezagutu zuen eta Anek beste bat. Lehena tarte batean solasean egon ondoren, mutilarekin irten zen kalera zigarro bat erretzera. Gaua hotza eta euritsua zen uztaila izateko eta Irene hotzikarak sentitzen hasi zen. Bikoteak zigarroa amaitu zuenean, mutilak bere autora katanarruaren bila laguntzeko eskatu zion. Irenek zalantzak izan zituen momentu batez, baina azkenean mesedea egitea erabaki zuen. Kotxea gorria zen, Mercedes- Benz A 200 bat. Bikotea kotxera iristean diru-zorroaren bila hasi zen, baina orduan mutilak Irene atzeko eserlekuetara bultzatu eta bere gainean jarri zen. Irenek mutil arrotzaren pisua sentitzen zuen bitartean, hura lepotik musuak ematen hasi zitzaion. Irene gaizki sentitzen hasi zen, gripea izan zezakeela uste baitzuen eta noski une hartan ez zuen larrua jotzeko gogorik. Zalantzarik gabe, mutilaren gorputza bere gainetik kentzeko ahalegina eginaz, ez zuela txortan egin nahi esan zion morroiari. Hark, aldiz, bere horretan jarraitu zuen, neskaren bularrak ukitzen eta miazkatzen, Irenek behin eta berriz gelditzeko oihukatzen zion arren. Mutilak pixkana bere eskua Ireneren izter artean sartu eta bere atzamar higuingarriekin neskaren alua marruskatzen hasi zen. Irenek behin eta berriz erregutzen zion gelditzeko, baina mutilak jaramonik ez eta bere horretan jarraitu zuen. Geroz eta nabariagoa zen morroiaren erekzioa Ireneren gorputzaren kontra, mutila prakak jaisteko asmoz pixka bat altxatu zen arte. Une hori baliatu zuen Irenek mutilari ostiko bat emateko eta infernutik alde egin ahal izateko. Behin kotxetik kanpo, korrika hasi zen, atzera begiratu gabe, bere gorputza euriak ez ezik, malkoek ere bustitzen zutela.
Bi pisutako tabernara iristean, ez zegoen Aneren arrastorik eta poltsa autoan utzi zuenez, ez zekien zer egin. Tabernariak neskaren itxura ikusita zer gertatu zitzaion galdetu zion eta Irenek negarrez bere bizitzako momenturik desatseginena kontatu zion gau hartan ezagutu zuen bigarren mutilari. Tabernariak lasaitzeko hainbat ahalegin egin ondoren, polizia-etxera lagundu zion, Irenek denuntzia jar zezan.
Bertan, salaketa jartzeko itxaron egin beharko zuela esan zioten, beraz, Irene tabernariarekin itxaron gelara joan zen. Bertan zegoela, ahots ezagun batzuk entzun zituen. Aulkitik jaiki eta korridorerantz hurbilduz, parean zegoen gelako atea zabaldu eta bere lagunak aurkitu zituen. Istripua jasan zutenak agiriak aurkezten ari ziren bitartean, besteak bizitako gaizki-ulertua azaldu eta argitu ondoren itxaroten zeuden.
Gaua espero baino korapilatsuagoa izan zela onartu zuten guztiek. Bat-batean, Ane falta zela ohartu eta hari deitzea pentsatu zuten:
- Ane non zaude?
- Egunon neskak! Ummm, ni paradisuan eta zuek?
Irakurri berri dudan ipuinak "Gau Beltza" dauka izena, Amaia Irurek idatzi du. Izenburuak hasiera batetik beldurra edo sentsazio txar bat trasmititu dit, eta irakurri ahala geroz eta sentimendu okerragoa sentiarazi dizkit.
ResponderEliminarBertan jorratzen den gaia :ipuinean ondo adierazten den moduan, ezagutu zuen mutilarekin autoraino joateak ondorio txar eta nazkagarriak ekarri dizkiola. Horrekin lotuta esan dezaket gai hau nahiko ezaguna dela gaur egun "bortxaketa".
Protagonistaren ekintza guztiak ondo azaltzen ditu, baita Ireneren sentimenduak ere, hau da, berak bizitako oro nola bizi zuen, modu egokian eta hainbat xehetasubekin azaltzen.
Azkenik, nire iritziz, ondo irakurtzen den liburu bat da, kontatzen duen istoria nahiko ongi ulertzen da. Ez dauka konplikaziorik eta intentsitatea gordetzen du une oro.
Beraz, esan genezake ipuin honek sentimendu txar ugari ekar dezakela, eta gaur egun errealitatean gertatzen ari den gai monotono bat dela eta arazo handi bat dela.