Jakin Mina_ Ane Martinez
IBAN ZALDUA - JAKIN MINA (protagonistak amarekin izandako beste elkarrizketa bat)
- Ama! Zer egiten duzu hemen berriz ere?
- Zure laguna jada joan denez, lehengoa argitu nahi nuen.
- Baina, zer dago argitzeko? Nire gelan sartu eta begira geratu zara, zuk esan bezala, l’amour egiten nenbilen bitartean.
- Baina ez arduratu motel, ez da hainbesterako izan.
- Ez dela hainbesterako zer? Ama mesedez? Gutxienez, hau aurreneko aldia izango zen, ezta?
- Bueno, behin edo behin etorri izan naiz, baina ez dut zorterik izan; beti bakarrik eta kopetilun aurkitu zaitut. Behingoaz pozik ikusi nahi zintudan, eta etxean energia positiboa sentitu dudan momentuan bertan etorri naiz.
- Zergatik esan didazu lehen jakin-mina zenuela orduan?
- Txantxa bat besterik ez zen, ez zaitez estresatu. Baina kontaidazu, zergatik zabiltza hain goibel?
- Badakizu, anaia-arreba guztiak etxetik joan ziren aspaldi, eta zu eta aita betiko joan zinetenetik, aspergarri dago etxea. Ez dago ezer interesgarririk egiteko.
- Ez nuke nik hori esango…
- Ama! Utz ezazu gaia behingoagatik!
- Ados, barkatu. Baina, lehengoari buruz, etorri naizenetan ez zaitut behin ere ez ikasten ikusi. Unibertsitatera joaten jarraitzen al duzu?
- Ez. Orain dela hilabete batzuk amaitu nuen. Orain lan bila nabil, baina momentuz, zorterik ez. 8 elkarrizketa egin ditut azken hilabetean, eta ezer ez; gazteegia, esperientzia gabea… betikoa, badakizu. Hala ere, ez ziren lanpostu oso interesgarriak, egia esan.
- Joan daitezela pikutara orduan.
- Bai ama, baina badakizu, zerbait egin beharko dut dirua irabazteko. Hemendik interesgarria egiten zaidan zerbait aurkitzeko esperantza aspaldi galduta daukat eta.
- Ba joan zaitez kanpora.
- Uf, ez dut uste ideia ona denik. Badakizu, koadrila, herriko jendea, eta ez dakit, ni hemengoa naizela azken finean.
- Baina hemen ez bazaude gustura… Pentsatu gabe esaidazu, nora joango zinateke?
- Ba, ez dakit. Australiara agian.
- Zure amaren gustu ona daukazu! Aizu, zer dira hemen dituzun argazki hauek?
- Begira, hemengo hau ezagutzen duzun nire lagun Kepa da, udan Portugalera egin genuen bidaia batean.
- Benetan hau bera dela? Zu bezain beste aldatu da orduan. Eta hau?
- Gradua amaitu nuenekoa.
- Polita izan al zen ospakizuna?
- Bai baina ez dakit, pixka bat arraroa izan zen bakarrik egotea, guztiek beraien familiekin ospatzen zuten bitartean.
- Badakit aspaldian ez naizela hemendik ibili, sentitzen dut.
- Zuk ezin zenuen ezer egin, ama. Kantzerrak jota hil zinen.
Ama isilik geratu zen, begiak bustita.
- Barkatu, ez nuen hori esan nahi. Gauza hauek guztiak galdu izana zure errua ez dela esan nahi nuen, besterik ez.
- Lasai, ez da ezer gertatzen. Galdu dudan guztiaz konturatu naizelako larritu naiz.
- Baina orain bueltan zaude; noizean behin hitz egiteko aukera izango dugu.
- Ados, baina zerbait jakin behar duzu. Leku batetik nator, non guztiek, zuk gaur ez beste egunetan izaten duzun aurpegi goibel bera daukaten. Bisitan natorrenean hango tristuratik alde egin nahi dut. Ahal dudan guztietan etorriko naiz, baina hori da baldintza bakarra.
Eta ordutik aurrera, ama etorriko zen esperantzarekin, ahal nuen bezain baikor igarotzen nituen egunak. Hasieran ez zen erraza izan, laguntza eskatu behar izan nuen batzuetan, baina azkenean harrapatuta ninduen zulo beltz hartatik irtetea lortu nuen.
Comentarios
Publicar un comentario