OBSESIO GAZIAK / IRATI ETXEBARRIETA




Sarrera:
Nire lana, “Obsesio gaziak” izenekoa, “Tentazioak” ipuinean dago oinarrituta. Bertan, bi gazteren arteko gau bat kontatzen da. Nire asmoa, bi hauen arteko historiari jarraipena ematea izan da, mutilaren ikuspuntutik. Ipuina mozten den momentutik urrundu eta bi aste beranduago kokatzen dut mutil protagonista. Gau batez maitaleak izan zirenetik ez dira berriz ikusi, beraz, 3.-en mailako narratzaile orojakileaz baliatuz, mutilaren buruan sartu eta bi aste hauetan neskarekiko garatu duen obsesioa jorratzen dut.

Audioa


OBSESIO GAZIAK

Laia. Egun osoan zehar errepikatzen zen izen hura bere buruan, behin eta berriro. Basoan barrena galtzen zen astean birritan, korrika egiteak buruko mamu eder hartaz askatuko zuelakoan. Baita musikaren bortiztasunean murgildu ere. Posible zuen bakoitzean, entsegu-gelara joaten zen, egiten zuena birritan pentsatu gabe dena konektatu eta zarata ateratzen hasten zen. Hori esaten zion behintzat aitak, lokal hartan ez zela benetako musikarik entzuten, zarata baizik. Baina berari ez zitzaion axola aitak esaten zionak, bazekien, bortizkeria haren atzean, edertasuna gordetzen zela, “entzunezinak diren infrasoinuetan ere edertasuna dago” hori zen bere lema. Abesti bakoitza osatzen duten hitzetako edertasunean, abesti bakoitzak gordetzen duen gorroto, engainu, laguntasun, edota maitasun istoriotan ,hain zuzen ere. Baina, bi aste ziren jada abesti erromantikorik entzuten ez zuenik. Bi aste, Laiaren berririk izan gabe. Bi aste, larunbat gau hartan, bere bizitza hankaz-gora jarri zuen neska ezagutu zuenetik.


Betiko lez, Gibson gitarra beltza bizkarreratu eta entsegu gelatik etxerantz abiatu zen. Plaza ondotik pasatzean, hotzikara berezi batek astindu zuen bere gorputza goitik behera. Laiaren gorputz erdi biluziaren irudia etorri zitzaion burura. Komun publikoetara zuzendu zuen burua segundo batez, berehala, hauek itxita zeudela ohartzeko. Neskaren gerri finak itsutzen zuen, honen dantza egiteko sentsualitate eta arintasunak paralizatzen zuen, eta nola ez, bere arnasa belarri ondoan irudikatzeak zentzumen guztiak desaktibatzen zizkion. Erabakia zuen, mamu hartaz ahaztu beharra zeukan, baina ezin.


Ideiak argitzeko, trago bat hartzen geratzea iruditu zitzaion ideiarik onena, beharbada ez zentzuzkoena, baina bai onena. Denbora luzean joana ez zen Beizarri kaleko taberna txikia ikusi zuen kale-kantoian. Iritsi zenean, margotuta zegoela ikusi zuen, apaindua. Jende askok esango zuen berriztua zegoela, inoiz baino hobeto, baina bere ustez, xarma guztia galdu berri zuen tabernak. Gustuko zituen paretetako altxor zaharrak, beharbada, 20 urte lehenagoko kontzertuen berri emateko erabili ziren horma-irudi edo markak. Bertako horma-irudi batean ezagutu zuen denbora luzez bere talde gustukoena izan zena. Une batez, aurrera jarraitu eta zuzenean etxera joatea pasatu zitzaion burutik baina ergel bat bezala, bost minutu kanpoan geldi zihoala ohartzean, barrura sartzeko pausoa eman zuen.


Ez zuen ezagunik identifikatu txoko ahaztu hartan, beraz, leiho ondoko mahaira joan eta egunkaria kafe eta kruasan batekin irensten hasi zen, hitz bakar bat ere pasatu gabe. Immigrazioari erreferentzia egiten zion artikulua irakurtzen ari zela, keinu baldar batez katilua hartu eta barruan geratzen zitzaion kafeak bere jertse berrian amaitu zuen. Bizkor, komunerantz abiatu zen orbana ezabatzeko asmotan.


Ezin sinistu ikusten zuena. Konketan eskuak garbitzen neska bat zegoen. Laia zen, horretaz inoiz baino ziurrago zegoen. Sorbaldaraino jausten zitzaion gaztaina-koloreko ilea, hainbeste gustatzen zitzaion gerri hura, berarekin egon zen gau hartako “Martin’s” zapatila berdinak…., ezin zalantzarik izan, Laia izan behar zuen. Inozo baten antzera, beragana hurbildu beharrean, nola agurtu jakin gabe geratu zen, amets gaizto bateko protagonista izango balitz bezala sentitu zen une batez. Eskuak dardarka zituen, kopetatik behera irristatzen zitzaion izerdi tanta aipatu behar ez. Azkenean, esan behar zituen hitzak etorri zitzaizkion burura, “aspaldiko Laia, ni naiz, Martin”, hori bestetik ez. Baina, hitzak esaten saiatu zenean, ezintasuna sentitu zuen. Ezin mugitu, ezin hitz egin. Une hartan egin zezakeen gauza bakarra egin zuen, oihu.


Begiak ireki zituen larri, berehala, bere oihuaz esnatu berri zela konturatzeko. Entsegu-gelan jarraitzen zuen, anplifikadorea jada, bateria barik gelditu zen, Gibson gitarrak konektatua jarraitzen zuen. Dena jaso, eta bertatik korrika irten zen. Ez zekien noizbait Laia berriz ikusiko ote zuen, baina ziur zegoen, ez zela berriz ere komun publiko batera sartuko denbora luzez, mamuz beteta baitaude!

Comentarios

  1. Ipuin hau irakurtzen hasi bezain laster, jarraitzeko gogoa piztu zait, oso istorio interesgarria baita. Maitasuna jorratzen du, gaiaren ikuspuntu gazi bat eskainiz, izenburuak dioen bezala.

    Oso narrazio erakargarria iruditu zait. Martin izeneko mutil batek, Laia izeneko neska batekin izandako elkartzearen ondorioz, mutil honi sortu zaion obsesioari buruz hitz egiten baitu.
    Gazteak kontakizunean zehar izaten duen amets batekin jolasten du idazleak, ipuinari oso ikuspegi polita, eta aldi berean gazia emanez.

    Hizkuntza aldetik, oso aberatsa dela ikus daiteke. Ipuina biltzen duen atmosfera gazi-gozoari erreferentzia asko egiten dira, oso era polit eta zainduan idatzita dago. Egileak ipuina idazteko orduan lan bikaina egin duela argi begizta daiteke.

    Bukatzeko, guztiz gomendagarria dela esan beharra daukat. Maitasuna oso ikuspuntu interesgarri batetik lantzen du, eta horri, erabilitako hizkuntza-aberatsa gehituta, ipuin oso polit bait interesgarri bat izatea eragiten du, gaztea zein ez hain gaztea den irakurleei, ipuin labur batez gozatzeko aukera zoragarri bat eskainiz.

    ResponderEliminar

Publicar un comentario

Entradas populares de este blog

Mikel Ezeiza Ander gitarrista berria

IRAUPENAREN ZERGATIA(Jokin Murillo)

PORTUKO MUTILA ("IZEN HAUSKORRAK"-EN JARRAIPENA) - MIKEL GALVEZ